XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

100 milioiko aurrekontua duen futbol zelai batean ez dute gure arazoa konpontzeko neurririk hartu, ezta pezeta bat gastatu ere

Burmuinezinduen futbol txapelketa Lesakan eginen dela jakin zuenean koleratu nintzen. Herriaren publizidadea egiteko balioko du baina publizidade txarra... Bakarren bat aulki gurpildunean etorriko dela pentsatzen dut, eta horrek zer egin behar du?

Hor daude, baita ere Plaza Zaharra, aulkiarekin sartzea ezinezkoa da izugarrizko eskailerak eta koxkak baitaude eta liburutegia: Nik ezin dut liburu bat hartzera joan Herriko Etxearen hirugarren pisuan dagoelako baina adineko jendearentzat ere hagitz zaila da

Pakinkoren ustez, aintzinako eraikuntza zaharren kasuan ulertzekoa da honelako arazoak izatea, baina Herriko Etxea eta plaza azken hamar urteotan zaharberritu dituzte eta futbol zelaia joan den urtean egin zuten

Gero eta gehiago hartzen gaituzte kontuan

Julen Iruñeko arkitektura bulego batean ari da lanean eta arazo hauek orain gehiago hartzen direla kontuan uste du.

Obra berriak egiterakoan erakunde publikoak hasi dira ezinduak kontuan hartzen, hipermerkatu haundiek ez dute oztopo arkitektonikorik...

Bere erranetan, proiektua egiten denean da gauzak ongi egiteko momentua, gero zaila eta garestia suertatzen da

Publikoari zabaldutako lekuetan moldaketak egiten direnean, ezinduei oztopoak kentzera behartuta daude berez, baina Lekuonaren ustez ez dute legea betetzen eta ez zaie betearazten ere.

Eguneroko bizimodua zaila ez ezik, garestia izaten da beraientzat.

Aulki honek 400.000 pezeta balio du eta hiru urtetik edo aldatu behar duzu, kojinak, 90.000 pezeta, sendagaiak... Erreabilitazioa hasieran Osasunbideak ordaintzen du bi urtez gehienez baina egoera egonkortzen denean gero zure kontura egin behar duzu dio ASPAIN erakundeko kide den Julenek.

Pakinkok erran digunaren arabera, lagunen eta familiaren laguntza hagitz garrantzitsua izan da, beti ondoan dituzu eta hori eskertu nahi nuke hemendik

Gizarteak ere, arazoa ulertzen duela uste du. Ikusten badute, zuk dituzun zailtasunak entenditzen dituzte

Julen iritzi berekoa da, baina erruki begiradetan ere erreparatu du. Orain gutxi arte, paraplejikoa hemen ez zen etxetik ateratzen eta bizi-itxaropena ere laburragoa zuten. Ateratzen hasi gara eta haurrek eta agureek begiratzen gaituzte batez ere

Etxetik ateratzeko gero eta gogo guttiago dut

Pakinko, eritasun hereditario bat dela medio dago aulki gurpildunari lotua.

17-18 urterekin hasi zitzaidan eta pixkan-pixkan gehiagora joaten da. Gorputz guzia indarrik gabe gelditzen da, ez hankak bakarrik, baita besoak ere

Irtenbiderik ez duenez ez du errehabilitaziorik egiten. Gainera ez du inoiz elkarte batean sartzeko asmorik izan.

Lesakan bada bertze neska bat nere kasu berarekin eta solasten dugu, baina ez dut elkarte batean sartu nahi, beti gauza berari bueltak eman, beti horretaz solastu... nahiago dut nire bizimodua egin

Astegunez ordenagailuan aritu, irakurri, paseo bat eman eta asteburuetan lagunekin kartetan aritu, tragoxka batzuk hartu... Hori izaten da bere programa, baina azken honetan ere zailtasunak ditu, ostatu gehienetan eskalak paratu baitituzte sartzeko, bertze batek atea estuegia. Berdin gertatzen da banketxeetan komertzioetan... Etxetik ateratzeko gero eta gogo guttiago izaten diat

Mikel SARALEGI Bortzirietako Gizarte Zerbitzua

Etxez etxeko zerbitzua aulki gurpildunean dabiltzanei ere zabalik dago

Zer egiten da Gizarte Zerbitzuetatik aulki gurpildunean dabiltzan pertsonei laguntzeko?

Momentu honetan, autoan eramateko eta normalean debekatuta dauden lekuetan autoa utzi ahal izateko agiriak prestatu ditugu.

Batez ere Irun, Iruña edo Donostiara joaten zirenean arazo hori izaten zuten, badaude aparkaleku bereziak baina hemengoek ez zuten beraien ezintasuna frogatzeko agiririk.

Udaletxe horiekin harremanetan jarri gara eta ez dute arazorik jarri.

Bortzirietan 50 bat lagun ditugu ezintasunen batekin eta gutti batzuek baino ez diote agiri honi probetxua atera ahal, baina aukera eman behar diegulakoan gaude. Beraz, denei eskutitz bana bidali diegu.

Etxebizitza moldatzeko-eta izaten da dirulaguntzarik?

Erakundeen eskutik izaten dira honelako dirulaguntzak.

Nafarroako Gobernuko Gizarte Ongizate eta Etxebizitza Sailek, Cederna-Garalurrek edo ONCE Fundazioak izaten dituzte honelako subentzioak, baina baldintza batzuk bete behar dira.

Epe laburrean bertzelako kanpainak egiteko asmorik baduzue?

Aulkian dabilen jendean pentsatuta, momentu honetan ez dugu bertzerik esku artean, baina eskualdeko Gizarte Zerbitzuen izenean gogorarazi nahi nuke etxez etxeko zerbitzua normalean adineko jendeari zuzendua dagoela pentsatzen duguna pertsona hauei ere eskaintzen zaiela.

Eraikuntza berrietan, proiektua egiten denean hartu behar dira kontuan ezinduen arazoak, behin eginda gero moldetzea zaila eta garestia baita